Alkatearen aurkezpena

Atsegin handia da niretzat Erandioko leku-izenei buruzko argitalpen hau kaleratzea, gure herriaren ondarea berreskuratu eta zabaltzeko bidea baita. Izan ere, toponimoetan gorde dira gure herriaren izena eta izana eta toponimoak dira gure herriaren aldaketaren lekuko.

Erandioko hainbat leku izen galtzear zeudela ikusita, berandu izan baino lehen ekin nahi izan diogu lanari; izen horiek bildu, arautu eta kokatzea izan zen gure helburua 2005ean Toponimia beka Iratxe Lasa filologo eta ikerlariari esleitu genionean.

Berak, batetik, agirietan eta liburuetan gorderik zeuden izenak batu ditu eta bestetik, erandioztar nagusiek oraindik gogoan dituztenak ahoz jaso eta kokatu ditu.

Bilketa lanari amaiera emateko, erakusketa eta hitzaldiak antolatu genituen 2007ko azaroan Altzagan, Astrabuduan eta Erandiogoikoan. Hitzaldi horietan lanaren berri eman eta nondik norakoak azaldu ziren; bertan hainbat herritarren laguntzari esker zalantzak argitu eta ekarpenak jaso ahal izan genituen.

Azkenean, egindako lanaren emaitza hiru formatutan aurkezten dizuegu. Batetik, mapan gaur egun bizirik dauden toponimoak agertuko dira, bestetik, liburuxkan, hainbat leku-izenen grafia zein forma arautuaren zergatiak azaltzen dira eta, azkenik, jasotako toponimo guztiak udalaren webgunean dituzue eskura, 1.800 inguru batu baitira.

Erandioko leku-izenen ondarea erandioztar guztiona da eta guztioi dagokigu bizirik mantentzea. Horixe da, izan ere, lan honen azken helburua: gure izana izenetan gordetzea eta ondorengoei ahalik eta modurik egokienean transmititzea, herriko historiaren lekuko fidelenak baitira. Jakin badakigu toponimia lanak ez direla sekula amaitzen eta egindakoa ez dela ikerketa lan itxia. Horregatik, esker onez hartuko ditugu zuzenketa, osaketa zein aldaketa proposamenak eta horretarako bidea irekita uzten dugu.

Ezin ditut lerro hauek amaitu, baina, Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeari eskerrak eman gabe, batez ere Mikel Gorrotxategi eta Patxi Galéri, eskainitako laguntza eta aholkuengatik. Ez ditut ahaztu gura ere bekaren gidaritzan aritu diren Amaia Arriaga eta Floren Zarraga, lekukoak proposatzen, lana gainbegiratzen eta aholkuak ematen borondatez eskaini diguten denboragatik. Baina batez ere, nire eskerrik beroenak, beraien jakintzaren altxorra udalaren eta erandioztarren esku utzi duten herritarrei, ezeren trukean laguntzeko prest agertu direlako, eta guztiak hemen aipatzea zilegia bada ere, ezinezko izan zaigu zerrenda luzeegia da eta. Azkenik, Aitziber Oliban zinegotziari eskertu nahi diot lan honi ekiteko erabakia hartu izana.


Alkatea
Joseba Goikouria Zarraga

dijitalidadea.com