Atarikoa

Webgune hau, 2005-2008 urteetan egindako ikerketa-lanaren ondorioa da. Erandioko Udalak, Euskara Zerbitzuaren ekimenez, herriko toponimia ikertzeko beka-deialdia antolatu zuen 2005ean. Ikerketak emaitza aberatsak eman zituen, eta emaitzok batu eta herritarren esku ipini nahi izan ditugu.

Ikerketak iraun zuen bitartean, Erandioko leku-izenei buruzko informazio eta dokumentazio asko bildu genuen. Gaur egun bizirik diren leku-izenez gain, desagertutako leku-izenak ere bildu ziren. Horretarako, artxibo zaharrak arakatu behar izan ziren. Guztira, gutxi gorabehera, Erandioko 1.800 lekuren izenak jaso ziren. Halere, leku asko, hainbat etxalde esate baterako, desagertu egin dira aspaldian, hirigintza antolakuntzak edo beste arrazoi batzuek eraginda. Gainera, kasu batzuetan, izenen ahoskera aldatuz joan da, ahoskera ezberdinak izan dituzte, beste batzuetan jatorrizko forma osoa aldatu da edota beste izen bat hartu dute. Leku-izenen desagertze-prozesu hori geldiaraztea izan zen, hain zuzen ere, ikerketari ekiteko arrazoi nagusia.

Dokumentazio zaharra biltzeaz gain, leku-izenen ikerketa honetan erandioztar batzuek ere modu aktiboan hartu zuten parte, eta euren memorian gorderik zuten informazioa gure esku jarri zuten, eta zalantzarik ez izan, euren laguntza eta ekarpenik gabe lan honen emaitzak ez zirela hain aberatsak izango. Honenbestez, esker mila, informazioa eman eta ekarpenak egin dituzten guztiei, baita lan honetan, era zuzenean edo zeharka, parte hartu duten gainerakoei ere.

Edozelan ere, akatsik balego, erantzukizun osoa gurea da. Tamaina honetako lanetan erraza da, nahi gabe bada ere, okerren bat egitea; eta horrela bada, aldez aurretik, barkamena eskatu nahi dugu, ez baitugu asmo txarrez egin. Era berean, toponimia biltzeko lanek amaierarik ez dutela ulertzen dugu, datu, material eta lekukotza berriak beti agertu ahal dira eta argitaratutakoa baieztatzeko, argitzeko edota zuzentzeko balio izaten dute. Edozein ohar atsegin handiz hartuko dugu. Horretarako webgunean toponimiaren bilketa lan osoa, argazkiak eta mapak kontsultatu ahal izateaz gain, zuen ekarpenak ere barneratzeko aukera izango dugu.

dijitalidadea.com